5. Euskal Herriko industrializazioa eta haren gizarte-ondorioak (1875-1923)


Berrezarkuntzaren garaian bai Espainian, baita Euskal Herrian ere nahiko berandu hasi zen industrializazioa. Hala ere, estatuaren barruan, gehienen industrializatu zen lurraldea Euskal Herria izan zen, Kataluniarekin batera. Batez ere Bizkaia izan zen industria iraultzaren protagonista, bertako burdin erauzketek monopolizatu zuten ia-ia hasierako garapen ekonomikoa. Siderurgia izango zen Bizkaiaren ahalmen ekonomikoa oinarritu zuen industria mota. Lurralde honetatik hedatu zen gainontzeko eskualdeetara, Gipuzkoara bereziki.

Bi industrializazio modeloak ezberdinak izan ziren, lehenengoan Bilbo izan bazen aitzindari eta enpresa oso handiak izan ziren motore nagusiak, siderurgikoak batez ere; bigarrenean, Gipuzkoan alegia, industrializazio prozesua probintzia osoan hedatu eta zernahi produktu landu ziren empresa txiki eta ertainetan.

XIX. mendearen bukaera izango da industrializazio prozesu horren hasierako momentua. Momentu horretara arte Bizkaiko meategien zeregina lehengai mirenala esportatzera murrizten zen, esan genezake nolabait Europako herrialde industrializatuen lehengaiak lortzeko lurralde bezala tratatua zela. Momentu honetatik aurrera bertako siderurgia-industria bultzatuko da, probintziaren garapen kapitalistari hasiera emanez. Molde berriko burgesia, meategien jabeak batez ere, izan zen fenomenoaren protagonista nagusia.

Mende bukaera arte eta industrializazioarekin batera, ezinbestekoa denez edozein industrializazio prozesurako, beste zerbitzu batzuk ezinbestekoak bilakatu ziren eta beraz sortu: 1891n Merkataritzako Banketxea eta Bilboko burtsa fundatu ziren, mozkinak inbertsioetara bideratzeko. Trenbide sarea hedatu zen, Bilboko kanpoko portua eta Deustuko Jesuiten Unibertsitatea lanean hasi zen, adibidez.

1889-1901 tartea hazkunde handiarena da, enpresa garrantzitsuen sorrera (Bizkaiko Labe Garaiak eta Nerbioiko Ontziolak) eta euskal inbertsioak Penintsula osora zabaldu ziren, estatuko merkatuko eta espainiar enpresarien lidergoan hegemonia errotuz.

1891tik aurrera Espainiaren politika ekonomikoak lagundu zituen aurrerapauso hauek, batez ere protekzionismoaren politika zela eta, Estatuko merkatua atzerriko lehiari zailtasunak ezarri zielako eta horrek barruko merkatuan konpetentzia gutxikin jarduteko aukera eskaini zielako euskal enpresei.

XX. mendean sartuta, 1914-1918 garaia berriz ere garapen handiko momentua izan zen. Espainiaren neultrautasunak Lehenengo Mundu Gerran izan zen faktore erabakigarriena, esportazioa asko handituz.

XIX. eta XX. mendeen bitarte honetan Bizkaia batez ere, Euskal Herria orokorki, gizarte nekazari eta tradizionala izatetik gizarte moderno eta industrializatua izatera pasa zen. Eta horrek gizartean aldaketa sakonak eragin zituen.

Industria prozesu honek oihartzun handia izan zuen gizartean. Langile berrien beharra asko handitu zen urte hauetan. Finantza-ahalmen handiko oligarkia sortarazi zuen ere. Bi talde hauen arteko ezberdintasunak Nerbioi ibaiaren bi ertzetan ikuskatu zen fisikoki. Eskuinaldean, enpresa gizon aberatsen etxeak, ezkerraldean berriz, lantokietatik hurbil, bizitoki-auzo handiak, industriako langileenak. Orokorrean esan dezakegu gizarte, kultura eta ohitura aldaketa sakonak ekarri zituela industrializazio prozesuan, berekin batera erreakzio prozesuan bultzatuz, esanguratsuenak euskal nazionalismoarena, edo lehendabiziko langile mugimenduak. Fenomeno honekin batera eta langile behar handia zela eta, Euskal Herria inmigrazio lurraldea bilakatu zen; Espainiako beste lurraldeetatik pertsona ugari etorri ziren lan eta bizitza-baldintza hobeagoren bila. Kanpotar langileak bereziki Bizkaira iritsi ziren, eta bertan bestelako kultura batekin egin zuten topo: hizkuntza desberdina entzuten hasi ziren, eta hura guztiura integratzeko oztopo gertatu zitzaien. Etorkinak eta berez euskaldunak zirenak, gehienak behintzat, ez ziren ideologia, erlijio eta etnia-ezaugarri berekoak. Bestalde, bizimodu gogorra zuten mea zuloen barruan eta kanpoan: soldata kaskarrak, gaixotasunak, heriotza indize altua. Eta horrenbestez  sozialismoari eta anarkismoari atxiki zitzaizkion, klase borrokari, alegia. Ezker indarren gune garrantzitsua bilakatuko da Euskadi urte hauetik aurrera, industrializazio prozesuak bultzatutako egora izanik. Europa aldeko langile mugimendua indartzen eta ideia sozialistak zabaltzen hasi ziren euskal industrialdeetan. Enpresarien gehiegikeriak umeei eta emakumeei ere erasan zien. Lantegietan ari  ziren lanean, eta haien arteko heriotza tasa gizonezkoena baino altuagoa zen. Emakumeek, Dolores Ibarruri “Pasionaria”k adibidez, gero eta parte handiagoa hartu zuten langileen neke eta borroketan. Bestalde, XIX. mendean hasita mugimendu sufragistak lanean ari baziren ere, eskubide berdintasuna oso poliki eta nekez ari zen garatzen eta lortzen. Espainiar estatuan, esate baterako, 1931 arte ez zitzaion onartu boto eskubidea emakumeari.

1875-1923 epean beraz, Euskadin sistema kapitalista eta burgesa finkatu eta garatu ziren. Baina haiekin batera baita proletarioen aldeko sistema ere, sistema kapitalistaren eta burgesaren antagonista zena. Urte haiek negozio industrialak egiteko oso onak izan ziren, baita lurjabeek laboreari etekina ateratzeko ere. Espainian aginte makila zuen gobernua gobernu harroputz eta ustel hutsa zen, eta haren inguruan burges handiek eta kazikeek mozkin ederrak lortu zituzten.

1876ko Konstituzioak bi ondorio nagusi izan zituen: batetik, Foruak desagerrarazi zituen, eta bestetik, Erregimen Zaharreko gizarte estamentala eta nekazaritza tradizionala irauli zituen. Euskal Herri barruan une hartan sortzen ari zen gizarte berrian giza eta ekonomia aldaketa sakonak eta ordu arte inoiz ezagutu ez zen hazkunde demografikoa gertatu ziren, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. Industrialde berriak eta inmigrazio uholdeek azpikoz gora jarri zuten euskal lurraldeetako ordu arteko bizimodua, kultura barne.

Lastertasun osoan industrializatutako hiri haietan beren egoera hobetzen gogor saiatu ziren langileak: sindikatuak antolatu, alderdi politikoetan sartu eta gizarte demokratikoagoa eskatu zuten, eta inoiz edo behin jarrera iraultzaile bateratua erakutsi zuten.

Bilbon eta ingurumari guztian herri ekimen asko eta garrantzizkoak jarri ziren abian. Bilboko burgesia txikian erein eta erne zen aurren-aurrena euskal nazionalismoa. Gipuzkoako eskualde batzuetan XX. mendean hasi zen gailentzen gizarte industriala. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan egitura zaharrak iraun zuen, eta XX. mende aldera baino ez ziren industrializatzen hasi.

1925. urte aldera dagoeneko euskal gizartea taldetan zatitua zegoen: burgesak, sozialistak, komunistak, errepublikanoak, abertzaleak… eta talde hauen zatiketarekin batera, nekazarien zailtasunak sortu ziren, beraien bizimodua okertzen zioan bitartean. Nekazaritzan ari zen jendea urritzen hasi zen XIX. Mende bukaeratik, batzuk industria guneetara joanez, beste batzuk Amerikara. XX. Mendearekin zertxobait hobetuko da egoera, baina egia da gizarte tradizionala desagertua zela jada, garai berrien poderioz.

XX. mendearen zehar, zailtasun eta krisi handiekin, baina Euskadiko industria garatu eta zabaldu egin zen, Espainiako lurralderik industrializatuenetarikotzat mantenduz eta lurraldeari aberasta ekarriaz.

Advertisements

Luken -ri buruz

Donostiarra, 1972. urtean jaiota, hiru seme-alaba ederren aita. Historian lizentziatua, irakasle bokazioz. Oraingoz, La Salle Donostia Zuzendari Orokorra, laster, kargurik gabe.
Post hau Historia 2. Batx. atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s